Udako barnetegietan matrikulatzeko epea zabalik dago jada, eta aurten aurreko urteetako ikasle-kopurua (1.430 inguru) gainditzeko itxaropena du HABEk. Xede horretarako, hainbat euskaltegik eskaintza zabala eta mamitsua prestatu dute datozen asteotarako.
Uda gainean dugun garai honetan, asko eta asko oporretan daude jada, eta urteko beste sasoi batzuetan egin ezin dutena egiteko Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, HABEk eta gainerako euskaltegiek udako barnetegietan matrikulatzeko deialdia egin dute beste urtebetez. Beraz, 24 orduz, euskaraz arnastu, bizi eta giro onean, lagun artean gozatu nahi izanez gero, udako opor hauetan horretarako aukera paregabea eskaintzen dute hainbat euskaltegik: AEK-uda barnetegiak, Ika, Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti, Maizpide, Ulibarri eta Zornotzako barnetegia. Uztailetik aurrera horiek guztiek emango dute barnetegietan ikasteko aukera, norberak nahi duen ingurunean, norberari ondoen etortzen zaizkion egunetan, egonaldi laburrago edo luzeagoetan, hainbat programa eta mailatan… Informazio gehiago eskuratzeko, euskaltegi horiekin harremanetan jar daiteke.
Udako barnetegiak euskara ikasi nahi duenaren beharretara egokitzen dira. Euskaraz praktikatzeko sortu ziren, bereziki ikasturtean zehar euskaltegietan euskara ikasten ari ziren ikasle horiei begira. Horrek jarraitzen du izaten udako barnetegien helburu nagusia, euskara ikasi nahi duten askok ez baitute euskara erabili eta praktikatzeko aukerarik beraien ingurune hurbilean. Udako barnetegiek, ordea, 24 orduz euskaraz bizitzeko aukera ematen diete ikasle horiei.
Baita ikastaro tinkoetarako matrikula ere. Ikastaro trinkoak euskategietan bertan antolatu ohi dira uztailetik irailera bitartean eta oso eskaintza zabala dago. Aurten ere, goiz eta arratsaldeko taldeak izango dira maila eta helburu guztietakoak.